12/15/2011

Emaitzen azterketa (III): boto eta pertzepzioekin jolasean

Hauteskundeak bukatu ostean, Euskal Herriko alderdi desberdinek, eta bereziki abertzaleek eta euren inguruko hedabideek, borroka berri bat hasi zuten herritarrei ‘argitzeko’ nork irabazi zituen hauteskundeak EAEn eta Hego Euskal Herrian. Artikulu eta adierazpen amaigabeetan magia joko ugari entzun eta irakurri behar izan ditugu erraza den kontu batentzat. Izan ere, zenbakiek ez dute hainbesterako ematen, batez ere, behin interpretaziorako irizpideak garbi uzten badira. Baina, alperrik, politikariek eta hauen ondoko kazetariek literatura egin nahi izan dute. Izan ere, emaitza zehatz bat lortzea bezain inportantea da lortutakoa arrakasta bat izan dela saltzea. W. I. Thomas soziologoak esan zuen jendeak zerbait erreala bezala definitzen badu (nahiz eta ez existitu), orduan bere ondorioetan erreala izango dela. Gure kasuan, hauteskunde interpretazio zehatz bat gailentzen bada eta mezu hartzaileek edukia barneratu eta sinesten badute, orduan pertzepzioa (nahiz eta okerra izan) erreala izango da bere ondorioetan.