1/13/2012

Emaitzen azterketa (IV): maiatzeko hauteskundeekin alderaketa

Hauteskundeak izan zirenetik ia bi hilabete pasatu ondoren bada garaia bolo-bolo zabaldu ziren interpretazio okerrak, erdi-egiak edota gezurrak desmuntatzeko. Goazen bada: 

A) Nor izan da Hego Euskal Herriko lehenengo indar politikoa Espainiako Kongresurako hauteskundeetan? Taulan argi eta garbi ikusten den moduan irabazlea PP-UPN izan da, 336.101 botorekin, ondoren hurrenez hurren Amaiur 333.628 bozekin, PSOE 326.716 eta EAJ-PNV 323.517. Ondorioz, antzeko indarra duten lau aukera politiko nabarmentzen dira. Egia da konparaketa honetan kaltetu nagusia EAJ suertatzen dela, izan ere, EAEko hiru lurralde historikoetako botoak soilik kontabilizatzen zaizkio eta, dena esan behar da, jeltzaleak garaile izan dira EAEn. Beraz eztabaida Nafarroako datuekin dago, bertan Geroa Bai koalizioan parte hartu du EAJk, eta hori argudiatuta, jeltzaleen inguruko zenbait analista eta kazetarik bien botoak gehitu dituzte ondorioztatzeko EAJ dela Hego EHko lehenengo aukera politikoa. Baina hori ez da zuzena, EAJ baina askoz ere gehiago da Geroa Bai, gogoratu dezagun jeltzaleak bakarrik aurkeztu diren deialdietan (EAren banaketa eta gero) emaitza hauek izan dituztela espainiar kongresurako hauteskundeetan: 1989an 2.562 boto; 1993an 3.540 boto; 1996an 3158 boto; eta 2000 urtean 6.536 boto. Beraz, nekez pentsa daiteke Geroa Bairen botoen gehiengoa jeltzaleen jarraitzaileak izan daitezkeenik. Kasurik hoberenean, inoiz lortu ez dituzten 10.000 boto inguru izan zitezkeen. Horregatik, Geroa Baik muzin egin dio EAJko talde parlamentarioan sartzeko gonbidapenari. Gauza arraroa bestelako aliantzei erreparatzen badiegu, adibidez Izquierda Unidak itunak sinatu zituen Chunta Aragonesista, ICV, EUiA, Izquierda-Ezkerra eta beste zenbait talde txikirekin koalizioa osatzeko; eta akordioaren arabera hautagaitza guztien boto kontaketa IUren konputuetan sartu eta eskuratutako diputatu guztiak talde parlamentario berdineko kideak izango ziren.