1/13/2012

Emaitzen azterketa (IV): maiatzeko hauteskundeekin alderaketa

Hauteskundeak izan zirenetik ia bi hilabete pasatu ondoren bada garaia bolo-bolo zabaldu ziren interpretazio okerrak, erdi-egiak edota gezurrak desmuntatzeko. Goazen bada: 

A) Nor izan da Hego Euskal Herriko lehenengo indar politikoa Espainiako Kongresurako hauteskundeetan? Taulan argi eta garbi ikusten den moduan irabazlea PP-UPN izan da, 336.101 botorekin, ondoren hurrenez hurren Amaiur 333.628 bozekin, PSOE 326.716 eta EAJ-PNV 323.517. Ondorioz, antzeko indarra duten lau aukera politiko nabarmentzen dira. Egia da konparaketa honetan kaltetu nagusia EAJ suertatzen dela, izan ere, EAEko hiru lurralde historikoetako botoak soilik kontabilizatzen zaizkio eta, dena esan behar da, jeltzaleak garaile izan dira EAEn. Beraz eztabaida Nafarroako datuekin dago, bertan Geroa Bai koalizioan parte hartu du EAJk, eta hori argudiatuta, jeltzaleen inguruko zenbait analista eta kazetarik bien botoak gehitu dituzte ondorioztatzeko EAJ dela Hego EHko lehenengo aukera politikoa. Baina hori ez da zuzena, EAJ baina askoz ere gehiago da Geroa Bai, gogoratu dezagun jeltzaleak bakarrik aurkeztu diren deialdietan (EAren banaketa eta gero) emaitza hauek izan dituztela espainiar kongresurako hauteskundeetan: 1989an 2.562 boto; 1993an 3.540 boto; 1996an 3158 boto; eta 2000 urtean 6.536 boto. Beraz, nekez pentsa daiteke Geroa Bairen botoen gehiengoa jeltzaleen jarraitzaileak izan daitezkeenik. Kasurik hoberenean, inoiz lortu ez dituzten 10.000 boto inguru izan zitezkeen. Horregatik, Geroa Baik muzin egin dio EAJko talde parlamentarioan sartzeko gonbidapenari. Gauza arraroa bestelako aliantzei erreparatzen badiegu, adibidez Izquierda Unidak itunak sinatu zituen Chunta Aragonesista, ICV, EUiA, Izquierda-Ezkerra eta beste zenbait talde txikirekin koalizioa osatzeko; eta akordioaren arabera hautagaitza guztien boto kontaketa IUren konputuetan sartu eta eskuratutako diputatu guztiak talde parlamentario berdineko kideak izango ziren.

2011ko Foru Hautes. eta Kongresuko hauteskundeen arteko alderaketa botoetan

B) Zein izan da aukera politiko bakoitzak izan duen eboluzioa? Bi konparaketa egin daitezke. Alde batetik, aurreko kongresurako hauteskundeekin (2008an ospatutakoak) eta, beste alde batetik, azkeneko hauteskunde foralekin. Azkeneko hauekin hasiko naiz Ezker Abertzalea bere osotasunean parte hartu zuelako eta, gainera, denboran gertukoak izanik, gutxi gorabehera hauen bigarren itzulia bezala funtzionatu dute. Konparaketarako hiru arazo nagusi daude:

1) Maiatzeko foru hauteskundeetan PP eta UPN separaturik aurkeztu ziren eta azkenekotan elkarrekin. Beraz, logikoena da maiatzean biek atera zituzten botoak batzea. Dena den, informazio guztia edukitze aldera, komenigarria izan zitekeen ere bai datuak modu separatuan ematea, baina artikulu eta blog honen interesa ez dago PPn, beraz, sinplifikatzeko elkarrekin aurkezten ditut lortu zituzten emaitzak, hori bai letra etzanean eta gris kolorean, horregatik, bere azkeneko saldoa ere ez dago letra lodietan.

2) Eusko Alderdi Jeltzalea bakarrik aurkeztu zen Maiatzean eta Azaroan. Halere, kontutan hartu behar da maiatzean akordioak lortu zituela Araban Hamaika Bateko kideekin, baina, Gipuzkoan H1! bakarrik aurkeztu zen. Desagertu den alderdi politiko honen gertutasuna EAJrekin oso handia da eta horrek erraz asko esplika dezake Gipuzkoan EAJk izan duen hobekuntza bototan, beraz, bi konparazio egiten ditut. Alde batetik, EAJren datuak soilik hartuta eta, beste alde batetik, EAJ+H1! batzen dituena. Azken honetarako saldoak ez dira letra lodietan ematen.

3) Arazo gehien sortzen dituen kasua Nafarroa Bai 2011ko koalizioaren datuak dira. Maiatzean aurkeztutako formatua ez da errepikatu azaroan eta bere botoak, teorian behintzat, Geroa Bai eta Amaiur koalizioaren artean banatu dira. Baina nola tratatu NaBai2011ak ateratako botoak konparaketak egin ahal izateko? NaBai 2011 osatu zuten alderdien artean Aralar izan zen garrantzitsuena, beraz, pentsa zitekeen boto kopuru handi bat bere jarraitzaileena izango zela. Halere, kontsiderazio hauek subjektiboegiak zirenez, azkenean Geroa Bai eta Amaiurren artean banatu ditut botoak erdibana (25.000 bakoitzarentzat). Ondorioz, Geroa Bai eta Amaiurren botoak maiatzean gris kolorean eta letra etzanean emanda daude. Ideia berberarekin, bien saldoak ez daude letra lodiz. Bestalde, garbi izan behar da EAEn Amaiurren datuak maiatzeko hauteskundeekin konparatzeko aukera bakarra dagoela: Bildu eta Aralarren boto kopurua gehituta, baina inolaz ere GARAn irakurri dugun moduan Bildukoekin soilik alderatuta. Beste aukera bat da argudiatzea konparaketa egitea ez dela oso lagungarria, baldin eta kontutan hartzen ez bada Aralarreko sektore batek ez duela begi onez ikusi koalizioa.

2011ko Foru Hautes. eta Kongresuko hautes. arteko alderaketa emandako botoen %etan

Irizpideak behin finkatuta, konparaketan lehenengo aztertu beharrekoa parte hartzea da. Maiatzeko hauteskundeetan %64,39ko parte hartzea egon zen bitartean, Kongresurako hauteskundeetan %69,66koa izan da. Hau da, ohikoa dena eman da, Hego EHn parte hartze handiena duten hauteskundeak kongresukoak dira eta hauetan parte hartzea igo ahala espainolistek duten botoaren pisua igo egiten da. Horregatik, aurreko artikuluetan ikusi dugun bezala, espainolismoak maiatzeko hauteskundeekin alderatuta nabarmen igo da. PSOEk 94.505 boto gehiago eskuratu ditu, eta emandako botoen %5,05 gehiago lortu du. PPk 46.715 boto gehiago lortu ditu eta boto emaileen arten izan duen pisuan %1,64a igo du. Irabazleen artean Geroa Bai eta Izquierda Unida kontatu behar dira ere bai.

2011ko Foru Hautes. eta Kongresuko hautes. arteko alderaketa  errolden gaineko %etan
 
Aldiz, botoak galdu eta portzentajea jaitsi dutenak Amaiur (Bildu+Aralarrek ateratako boto kopuruarekin alderatuz) eta EAJ izan dira. Amaiurrek EAEn 25.987 boto gutxiago eskuratu ditu eta Hego Euskal Herrian 44.803, NaBai2011-k maiatzean lortutako boto kopuruaren erdia ematen badizkiogu. Beste modu batetara esan da, Ezker Abertzale anitzak boto emaileen arteko pisuaren %4,79 galdu du azaroko hauteskundeetan. EAJk %2,29 galdu du eta Hamaika Baten datuak batzen baldin badizkiogu %2,90. Bototan 10.026 gutxiago eskuratu dituzte jeltzaleek (18.688 EAJ+H1!-en maiatzeko botoak batu ezkero).

C) Laburpen modura: gertatutakoa ez da anormala. Aurreko sarreretan azaldu dudan moduan, Kongresu espainolerako hauteskundeak ez dira hoberenak alderdi abertzaleentzat eta horrek, gehi Aralarren sektore kritikoak, aski ongi esplika dezakete Amaiurrek izan duen ‘boto galera’ txikia EAEn (Nafarroan izan dituzten emaitzak bestelako diagnostikoa behar dute). Halere, gutxienez badago beste elementu bat ahaztu ezin duguna: ez da urtero gertatzen ETAren behin betiko borroka armatuaren uztea. Analisian sartuko bagenu elementu hau, garbi dagoena da hauteskunde ikuspegitik ez duela inolako garrantzirik izan eta, beraz, litekeena da euskal gizartean izan zezakeen efektua aldez aurretik maiatzean gertatu izana. Guzti honek zertara garamatza? Ezker Abertzale anitzak oraingoz bere sabaia topatu duela esatera. Ez da iritsi 350.000 botoetara, baina demagun horren bueltan egon daitekeela bere marka. Hauteskunde indar horrek eserlekuetan adierazpen hobeagoa izango du parte hartzea txikia denean, azkeneko bi hauteskundeetan gertatu den bezala, eta kontrara, parte hartzea handitu ahala Ezker Abertzale anitzaren pisua eserlekuetan txikitu egingo da. Horren aurrean bi erronka ditu Amaiurrek. Lehenengoa, sabai hori mantentzea gutxienez, hau da, frustrazioa ez sortzea bere hautesleriaren artean; eta bigarrena, sabaia hausten saiatzea, halabeharrez esan nahiko duena zenbait aspektutan sakondu eta hobetzea: diagnostikoetan, plangintzetan, programetan, kudeaketa instituzionalean, gardentasunean eta KOMUNIKAZIOAN.

2008 eta 2011ko Kongresuko hautes. arteko alderaketa boto kopuruei dagokionean

Bitartean, jeltzaleentzako testuinguru zail batetan, EAJk oso ondo heldu dio bere posizioari. Adibidez, 2011ko datuak 2008koekin alderatzen baditugu Hego Euskal Herrian, EAJk 17.389 boto irabazi ditu, Izquierda Unidak 11.343 eta aldiz, PPk 6202 boto galdu ditu eta PSOEk 221.849 boto (2008an izandakoen %40a).

No comments:

Post a Comment