11/20/2011

Eguneko zenbait klabe Hegoaldean

Euskal Herriko hegoaldean hauteskunde kanpaina ez da izan Espainian baino hobea, grisa eta, oro har, oso kaskarra izan da. Halere, ETAk behin betiko borroka armatua utzi izanak eta Amaiur koalizioa hauteskundeetara aurkezteak eman dute zeresanik, nahiz eta egunak aurrera egin hala interesa gutxitu egin da. Edonola, gaurko eguna oso garrantzitsua da Euskal Herrian ireki den aro berriarentzat eta politikoki borrokan dauden sentsibilitate politiko guztientzat. Zentzu honetan, aztertu beharko da abertzale eta espainolisten arteko indar korrelazioa. Honi jarraiki, zenbait irakurketa ardatz proposatzen ditut gaurko hauteskundeentzat: 

a) Eguneko klabeak: saldu digutenaren arabera, badirudi PP-k gehiengo osoa lortuko duela Espainiako kongresuan, hori benetan sinetsi badu hautesleriak, litekeena da botoa ematerakoan bihotzarekin ematea eta ez hainbeste ‘buruarekin’. Beraz, botoa bere baliagarritasunari begiratu gabe emateaz ari gara. Adibidez, benetan hautesleak pentsatzen badu ez dagoela modurik PPren garaipena eta gehiengo osoa oztopatzeko, horrek esanahi du ‘mamuari’ aurre egiteko noizbait sozialista bozkatu duen hautesleak ez duela errepikatzeko arrazoirik aurkituko eta gauza berbera gertatuko zaio jeltzaleen noizbehinkako boto emaileari, batez ere, boto hori baliagarri bezala definitzen bazuen Euskal Herriarentzat, EAJk Espainiako gobernua gutxiengoa egon denean 'konpetentziak eta onurak' lortu izan dituelako Euskal Herriarentzat. Boto baliagarri hauek, beraz, nahiko desaktibatuko dira eta hauen aurrean hiru boto mota bereziki aktibatu daitezke: bihotzarekin ematen dena, haserreagatik ematen dena eta politologoek ‘konpentsazio’ botoa deitzen duguna. Azken honen funtzionamendua berezia da, hautesleak etorriko denari aurre egiteko bere batez besteko posizioa indartuko duen botoa emango du. Beraz, abertzale moderatu batek ikusirik Espainian gehiengo osoa izango duela eskuineko nazionalismo espainolak, errealitate horretatik sortuko den isla bere posizioetatik gertuago egon dadin, boto erradikalagoa eman dezake. Gauza berdina gertatzen da euskal politikaren beste gatazka ardatzarekin, ezkerreko ideologia moderatua duenak, eskuineko gehiengo osoko egoerari aurre egin diezaioke bere posizio ideologikoa baino ezkerrerago dagoen aukera politiko batekin. 

Azkenik, beste klabe garrantzitsu bat parte hartzea da. Arestian aipatu ditudan portaeren hauteskunde inpaktua handitu egingo da, baldin eta parte hartzea baxua bada (%70etik behera), aldiz, politizatuta dauden boto emaileen bihotz, haserre edota konpentsazio gogoek ez dute eragin askorik erdietsiko parte hartzearen %70eko langa pasatu ahala. 

b) Epe motzeko borroka: hauteskunde hauek maiatzekoen bigarren itzulia irudikatuko dute. Halere, jakin badakigu espainiar hauteskundeak aproposagoak direla alderdi espainolistentzat, besteak beste, parte hartzea handiagoa izan ohi delako. Beraz, konpetentzia zelaia gogorragoa da, baina abertzaleek maiatzeko hauteskundeen emaitzak EAEn(botoaren %60tik gora, %30 nazionalista espainola) ilusio bat ez zirela izan berretsi nahi badute, emaitza onak eskuratu behar dituzte (botoaren %60). Aldi berean, horrek bakarrik bultzatu dezake Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurreratzea. 

Nafarroan berriz, abertzaleek ez dute erronka bezala beraien botoa berrestea soilik, gaur froga garrantzitsuago bat dute aurretik, izan ere, boto abertzalearen hazkunderako aukera politiko ezin hobeak sortu baitira: UPN-PSOE gobernua; gobernuko kideen gainsoldatak; eta Iruñako gobernuak buruturiko aurrekontu eta zerbitzu publikoetako murrizketak. Dena den, ez dute erraz izango. 

c) Epe ertaineko borroka: orain garbi dago abertzale guztiek borroka parametro demokratikoetatik planteatuko dutela, alde horretatik, aldarrikapen eta helburuen irudikatze nagusietako bat hauteskundeetan emango da eta errealitatea da ametsak betetzeko abertzaleek dituzten muga nagusienak boto kontu bat direla. Abertzaleek ez dituzte gauzak garbi, gehiengoak ez daudelako garbi. Erabakitzeko eskubideak edota autodeterminazio eskubideak subjektu argi bat behar du eta hori ez dago, oraingoz, horren eraikuntzan euskal abertzaleek Gipuzkoa eta Bizkaian gehiengo argiak behar dituzte, baina aldi berean, Araba eta Nafarroan aurrera pausuak ematea premiazkoa dute, batez ere, Foru Erkidegoari dagokionean. Baina, hauteskunde hauek aukera politikorako egitura oso ona izan badira ere, ez dut uste panorama gehiegi argituko denik. Horrela bada, lehenago baino beranduago abertzaleek birpentsatu eta zehaztu beharko dute beraien estrategia arazoaren muinari erreparatuz: “geroz eta subiranotasun gehiago, orduan eta lurralde gutxiago; geroz eta lurralde gehiago, orduan eta subiranotasun gutxiago”. Bata edo bestearen alde egin daiteke, badago konbinaketa bat egitea ere bai, baina edozein kasutan, erabakia hartu beharko dute lehenago baino beranduago, ezin baita plan estrategikorik gabeko helbururik erdietsi. 

d) Emaitzak: nork irabaziko ditu hauteskundeak lurralde historiko bakoitzean? Nor izango da irabazlea EAEn? Tira, zortziak iritsi artean, entretenimendu gisa baina batez ere, hausnarketarako elementu bezala, diputatuen banaketari buruzko azalpen kuantitatibo eta kualitatiboak emango ditut lurralde historiko bakoitzari eskainitako sarreretan. PS: Analisietarako erabiliko ditudan denbora serieak 1982tik 2008ra.

Egunean zehar hurrengo sarrerak (artikuluak): 
#bozA20 Araban
#bozA20 Bizkaian
#bozA20 Gipuzkoan
#bozA20 Nafarroan

No comments:

Post a Comment