11/23/2011

Emaitzen azterketa (I): lehengoratze hauteskundeak

Pasaden igandean ospatutako hauteskundeetan garbi dago aukera politiko abertzaleak indartuta atera zirela. Amaiurrek lortu du Hego Euskal Herriko ordezkari kopuru handiena; EAJk bototan irabazi eta talde parlamentarioa segurtatu du EAEn; eta, azkenik, Gero Baik Nafarroako bosgarren diputatua eskuratu du izan dituen zailtasun guztiei aurre eginez eta abertzaleentzat bigarren eserlekua eskuratuz Foru erkidegoan. Orotara, Euskal Herriak Espainiako kongresura bidaltzen dituen 23 ordezkarietatik, 13 abertzaleak izango dira. Historiarako bi datu garrantzitsu geldituko dira: lehenengo aldiz Araba eta Nafarroan abertzaleek bina diputatu erdietsi dituzte

Ez dago dudarik euskal nazionalistek eserleku uzta ona izan dutela, baina, horren atzean hondarrekin izan duten zorte apurra ezkutatzen da ere bai. Horregatik, EAEn botoen %51,5arekin, indar abertzaleek ordezkarien %61,1 eskuratu dute; eta Nafarroan, botoen %27,7arekin, ordezkarien %40 lortu dute. Beraz, kontuz ibili behar da eserlekuen interpretazioarekin, bestela analisia egiterakoan itsutu gaitzake eta. Antidotoa, hauteskundeen eskenatokian ikusi dugun antzezlana behar bezala interpretatzeko, botoetan erreparatzea da. Maiatzeko foru hauteskundeekin alderatuta, abertzaleen botoa EAEn %10,5 jaitsi da, %62tik %51,5ra eta Nafarroan %1 (%28,7tik %27,7ra). 

Datuak ez dira harritzekoak, izan ere, Espainiar hauteskundeak ez dira abertzaleentzat borroka zelairik aproposena. Jakina da hedabideek alderdi biko sistema bultzatzen dutela hauteskundeen trataera ia presidentzialista bat inposatuz. Halere, azalpen hauek ez dira nahikoa ulertzeko zergatik deialdi hauetan abertzaleek emaitza kaskarragoak izaten dituzten. Horretarako, parte hartzeari erreparatu behar diogu. Gustatu ala ez, Hegoaldean Espainiar hauteskundeak dira boto emaile gehien mobilizatzen dituztenak eta, ondorioz, euskal gizartean abertzale eta espainiar nazionalisten arteko indar oreka neurtzeko tresna inperfektu egokiena da oraingoz, beti ere Ezker Abertzalea hauteskundeetara aurkezteko modua badu. Oraingoan, horrela izan da eta espero zitekeen moduan, Foru Aldundietako hauteskundeekin alderatuta parte hartzea handiagoa izan da, %6 altuagoa EAEn (maiatzean %63,5, azaroan 69,2) eta %4 Nafarroan (%67,4 eta %71,4). Laburbilduz, maiatzeko argazkiak abertzaletasunaren nagusigo argi bat erakutsi bazuen EAEn, orain indar horren intentsitatea ñabartua izan da hautesleri espainolistaren zati batek horrelako hauteskundeetan soilik parte hartzen duelako. Alde horretatik, normala bezala hartu behar da datuetan azkeneko urte erdi eskasean izan dugun doikuntza. Are gehiago esan daiteke, espainiar hauteskundeak borrokatuagoak izan balira PP eta PSOEren artean, orduan parte hartzea %70etik gora egongo zatekeen eta abertzaleek ez zuketen gehiengoa lortuko botoetan. 

Beti izan da horrela, Espainiar hauteskundeetako parte hartzea bere batez bestekoetatik behera egoten denean, oraingo kasuan bezala, indar abertzaleek boto portzentajean eta eserlekuetan emaitza hobeagoak lortzen dituzte. Adibidez, inoiz izan dituzten emaitzarik hoberenak 1989koak dira, hain zuzen ere parte hartze txikiena izan zuen deialdian. Harreman lineal perfektu bat izatetik gertu dago: “geroz eta parte hartzea handiago, orduan eta boto portzentaje altuagoa espainolistentzat; geroz eta parte hartze txikiagoa, orduan eta portzentaje altuagoa abertzaleentzat”. Alde honetatik, pasaden igandeko hauteskundeak LEHENGORATZE HAUTESKUNDEAK izan zirela esan daiteke. Lege kanporatze eta abstentzio kanpainen aurretiko egoera berrezarri da, 90. hamarkadako abertzale eta espainolisten arteko indar korrelaziora egin dugu buelta (beti ere kontrolerako aldagaia den parte hartzea kontutan hartuz). 

Azaldutakoa sostengatzeko, datu argigarri batzuk ekarriko ditut hona. 1993an parte hartzea (atzerrian daudenena kontatu gabe) Bizkaian %71,34koa izan zen eta 2011an %70koa, lehenengo kasuan abertzaleek botoen %48,96a eskuratu zuten eta bigarren kasuan %51,83a. Gipuzkoan datuak honakoak dira: 1993an parte hartzea %67,21 eta boto abertzalea %57,03, 2011ean parte hartzea %67,69 eta boto abertzalea %57,2. Antzera ezta? Aldaketatxoak Arabatik datoz, 1993an %71,23ko parte hartzearekin, abertzaleek botoen %32,41a eskuratu zuten; 2011ean aldiz, %69,64ko parte hartzearekin abertzaleek botoen %37,97a erdietsi dute, tira, aldaketatxoa ez da hainbestekoa kontutan hartuta oraingoan abstentzioa handiagoa izan dela. 

Dinamika honetatik kanpo Nafarroa dago. Hemen emaitzak abertzaleentzat oso arrakastatsuak izan dira edozein zirrikituetatik begiratuta, horrelako hauteskunde batzuetan inoiz lortu duten boto portzentaje altuena da %27,70koa (aurretik emaitzarik hoberena 1982ko %20,1a zen). Gainera, dautak indar gehiago hartzen du hauteskunde erroldako %18,97 dela ikusterakoan, hau da, 1982ko %15,82ko marka hautsi dute ere bai. Boto portaera hau aurresatea erraza zen, izan ere, XXI. Mende hasieran Nafarroako abertzaleen parte batek emaniko biraketa estrategiko, diskurtsibo eta komunikatiboarekin du zerikusia. Ordutik, abertzaletasuna zabaltzen joan da Nafarroan inoiz ikusi ez den mailetara iritsi arte. 

To be continued

No comments:

Post a Comment