11/28/2011

Emaitzen azterketa (II): eserlekuak eta lurralde batasuna

Aurreko sarreran nioen bezala, ez dago dudarik abertzaleek eserleku uzta ona izan dutela, baina, horren atzean hondarrekin izan duten zorte apurra ezkutatzen da ere bai. Horregatik, Hego Euskal Herrian botoen %46,2arekin, ordezkarien %56,5 eskuratu dute: Nafarroan %27,7arekin, eserlekuen %40; Araban 37,9arekin, %50; Bizkaian, %51,8arekin, %62,5; eta Gipuzkoan %57,2arekin, %66,6. 


Orotara, indar abertzaleek 1989ko marka berdindu dute 13 eserlekurekin, baina orduan Hegoaldeak hiru eserleku gehiago zituen Espainiako kongresuan, beraz, euskal nazionalistek inoiz izan dituzten emaitzarik hoberenak dira 2011ekoak. Halere, lurraldez lurralde interpretazio oso desberdinak egin daitezke. EAEn ez dira emaitzarik hoberenak, oraingoan 11 diputatu lortu dituzte (ordezkarien %61,1), 1989an 13 izan ziren bitartean, hain zuzen ere, banatzeko zeuden eserlekuen %61,9. Portzentajearen aldea txikia da, baina argazkia oso bestelakoa.

Espainiako kongresuan Hego Euskal Herriko ordezkari abertzale kopurua
(Hego EHk orotara 1977-1989 26 diputatu; 1993-2004 24 diputatu; 2008tik 23 diputatu)


Duela 22 urte abertzaleek lortu zituzten diputatuen artean lurralde desorekak oso garrantzitsuak ziren. Hamahiru eserlekuetatik, hamabi Gipuzkoa eta Bizkaia artean banatzen zituzten, aldiz, Araba eta Nafarroa artean ordezkari bakarra erdiesten zuten abertzaleek. Bestela esanda, 1989an Arabaren eserlekuak EAEko abertzaleen %7,7 suposatzen bazuen, 2011ean bere bi diputatuek EAEko ordezkari abertzaleen %18,2a dira. Modu berean, Nafarroak ez zuen ordezkaritzarik abertzale diputatuen artean eta egun, 2011ean, abertzale diputatuen %15,4 nafarra da. Beraz, abertzaleek dituzten eserleku guztien %30,8 Araba eta Nafarroa ordezkatzen dituzte.  

Espainiako kongresuan Hego Euskal Herriko ordezkarien % abertzalea


Laburbilduz, lurraldetasunaren ikuspegitik egungo eserlekuen banaketa aurrera pausu handia suposatzen du abertzaleentzat. Botoetan dagoen indar korrelazioa diputatuetan dagoen berdina izango balitz, independentzia aldarrikatzeko oinarri sendoa egongo litzateke. Hori da abertzaleek duten etxeko lana egiteko. Bitartean, eserleku hauek inoiz baino hobeto irudikatuko dute Hego Euskal Herriko ikuspegi nazionala Espainiako kongresuan. Eta gainera, azken horri bi talde parlamentario abertzale osatzeko aukera eransten badiogu, emaitza oso ona izan daiteke Euskal Herriaren portaera berezitua eta aldarrikapen nazionala bistaratzeko.

To be continued

No comments:

Post a Comment