11/20/2011

#bozA20 Araban

Lurralde historiko honetako interesa laugarren diputatuaren esleipenean dago. Arabak izan duen bilakaera historikoa garbia da: espainiar kongresurako hauteskunde deialdi guztietan alderdi espainolistak izan dira garaile, eta horren adierazpen gisa, lurralde historikoak dituen lau diputatuetatik, beti hiru alderdi espainolisten eskuetan egon dira eta bakarra abertzaleetan (jeltzaleetan). Hona hemen gaur erantzun beharreko zenbait galdera: 

a) Abertzaleek bigarren diputatua eskuratuko dute Araban? Lurralde historiko honetan diputatua segurtatua izango du bozen %20 jasotzen duen edozein hautagaitzak. Halere, boto kopuru erlatibo txikiagoekin eskuratu daiteke ere bai. Irabazlea garbi dago PP izango dela, kontua da %35 ateratzen badu, laugarren diputatua %17,5ean izango duela langa. PPk ateratzen duen portzentajearen erdia baino gehiago lortu behar da PPk bigarren diputatua eskuratu ez dezan eta, beraz, modu horretara banaketak diputatu bana emango lieke PP, PSOE, EAJ eta Amaiurri. 



b) Nor izango da garaile abertzaleen artean, EAJ edo Amaiur? Borroka estua aurreikusten da (maiatzeko hauteskundeetan EAJ %24,38; Bildu+Aralar %24,35). EAJren hautagaia (Olabarria) oso ezaguna da eta, oro har, irudi oso ona du, politikari ona da. Amaiurrek, berriz, profil baxuko hautagaia du. Horregatik, EAJk baino boto gehiago jasotzen baditu, Euskal Herrian irekitako aro berriak Amaiurren botoa gehiago mobilizatzen duelako izango da. Nire apustua: PP-k gehiengo osoa lortuko duela saldu denez eta antza, ia denok sinetsi dugunez, inoiz baino merkeagoa izan daiteke bihotzarekin botoa ematea. Beraz, porran: gutxigatik, baino Amaiur gailendu egingo zaio EAJri. 

c) Parte hartzea non kokatuko da? 1982tik 2008 arte, batez bestekoa %72,67koa izan da (posta bidezko botoa kontutan hartu gabe). Historiak erakusten digu abertzaleek izan duten emaitza erlatiborik hoberena 1989an izan zela, botoen %45,94 lortu zuten inoiz izan den parte hartze baxuenarekin: %66,78. Bestela, abertzaleen batez bestekoa hauteskunde deialdi guztietarako %34,17an kokatzen da, eta espainolistena %65,82an.

d) Populazio osoari begiratuta, abertzaleek egoera berriari esker gai izango al dira inoiz lortu duten hauteskunde erroldako babes handiena eskuratzeko? Emaitzarik hoberena 1982an lortu zuten %31,2arekin (deialdi guztietako -82tik- batez bestekoa %24,43koa da). Berriz, espainolisten emaitzarik hoberena 2008an izan zen, orduan erroldako %51,52aren babesa lortu zuten (deialdi guztietarako -82tik- batez bestekoa %46,12). 

Azaldutakoan oinarritua, nire kinielak ez du ezer berririk eransten: 
PP 1 edo 2; PSE 1; Amaiur 1 edo 0; EAJ-PNV 1 edo 0.
Parte hartzeak %70 gainditzen duen heinean, alderdi popularrak probabilitate handiagoa izango du bigarren diputatua eskuratzeko.

No comments:

Post a Comment