11/20/2011

#bozA20 Bizkaian

Lurralde historiko honetan interesa anizkoitza da. Historikoki Ezker Abertzaleak parte hartu duenean eta bere botoak zenbatu direnean, gehiengoa beti izan da abertzalea, 1993an izan ezik. Dena den, azkeneko hiru deialdietan Ezker Abertzalea aurkeztu izan balitz ere, gehiengoa espainolista izango zatekeen. Beraz, Bizkaian gehiengoa aldakorra da abertzale-espainolista borroka dimentsioari begiratuta. Gauza seguru bakarra EAJren garaipena da, horrela izan da beti, 2008ko salbuespen bakarrarekin, orduan alderdi sozialistak irabazi zuen. Hona hemen gaur erantzun beharreko zenbait galdera: 


a) Zein izango da indar harremana abertzale eta espainolisten artean? Abertzaleek lortu duten emaitza hoberena, boto portzentajeari begiratuta, %59,12 izan zen 1989an, espainolistek aldiz, %63,65 2008an (Ezker Abertzalearen parte hartze legeztatuarekin %51,04 1993an). Bataz bestekoei begiratuta: abertzaleek %48,62 eta espainolistek %51,27. 



b) Zein izango da eserlekuen banaketa? 1982tik gaur egun arte Bizkaiak bi diputatu galdu ditu biztanleri kopuruagatik, horregatik denboran zehar konparazioak egitea zailagoa da Arabako kasuarekin alderatuta. Oro har, abertzaleek izan dituzten emaitzarik hoberenak 1989koak dira, garai hartan 10 diputatuetatik 7 abertzaleak izan ziren (%70). Horietako bat izan zen egun gutxitara erail zuten Josu Muguruza (HB, bide batez gogoratu gaur bezalako egun batean 1984ean Santi Brouard erail zutela ere bai). Espainiar nazionalistentzat aldiz, emaitzarik onena 2008koa da, 8 diputatuetatik 5 (%62,5). Gaurkoari helduta, zortzietatik eserleku bat baino gehiago egon daiteke dantzan. Halere, aurreikuspenak ikusiko bagenitu eta parte hartzea mugitzen ari den bezala mantenduko bada, nik esango nuke batez ere EAJ eta PSOEk borrokatzen duten eserlekua egongo dela zalantzan. Amaiurrek eta PPk bi diputatu eskuratuko dituzte bakoitzak eta alderdi sozialistaren bigarrena jeltzaleen hirugarrena izango litzateke. Parte hartzea ez bada altu samarra, litekeena da PSOE diputatu bakarrarekin geratzea. Horrela gertatzen bada, abertzaleek buelta emango liokete mapari, 8 diputatuetatik 5eko kopurua lortuta, ez oso urrun izaniko emaitza hoberenetatik. Horrela gertatuko ez balitz, proiektu soberanistek pitzadura berri bat izango lukete, non eta Bizkaian. Kaltetu nagusien EAJ izango litzateke eta, noski, ia seguru ez luke lortuko talde parlamentariorik (5 diputatu behar dira). 

c) Parte hartzea non kokatuko da? batez bestekoa %71,48koa izan da (posta bidezko botoa kontutan hartu gabe). Historiak erakusten digu abertzaleek izan duten emaitza erlatiborik hoberena 1989an izan zela, parte hartze baxuenarekin: %66,78. 

d) Populazio osoari begiratuta, abertzaleek egoera berriari esker gai izango al dira inoiz lortu duten hauteskunde erroldako babes handiena eskuratzeko? Emaitzarik hoberena 1982an lortu zuten %41,7arekin (deialdi guztietako -82tik- batez bestekoa %34,09koa da). Berriz, espainolisten emaitzarik hoberena 2008an izan zen, orduan erroldako %41,24aren babesa lortu zuten (deialdi guztietarako -82tik- batez bestekoa %35,17). 

Azaldutakoan oinarritua, nire kiniela: 
EAJ-PNV: 2-3; Amaiur 2; PP: 2; PSOE 1-2.
Parte hartzeak %70 gainditzen duen heinean, PSOEk probabilitate handiagoa izango du bigarren diputatua eskuratzeko.


No comments:

Post a Comment