12/15/2011

Emaitzen azterketa (III): boto eta pertzepzioekin jolasean

Hauteskundeak bukatu ostean, Euskal Herriko alderdi desberdinek, eta bereziki abertzaleek eta euren inguruko hedabideek, borroka berri bat hasi zuten herritarrei ‘argitzeko’ nork irabazi zituen hauteskundeak EAEn eta Hego Euskal Herrian. Artikulu eta adierazpen amaigabeetan magia joko ugari entzun eta irakurri behar izan ditugu erraza den kontu batentzat. Izan ere, zenbakiek ez dute hainbesterako ematen, batez ere, behin interpretaziorako irizpideak garbi uzten badira. Baina, alperrik, politikariek eta hauen ondoko kazetariek literatura egin nahi izan dute. Izan ere, emaitza zehatz bat lortzea bezain inportantea da lortutakoa arrakasta bat izan dela saltzea. W. I. Thomas soziologoak esan zuen jendeak zerbait erreala bezala definitzen badu (nahiz eta ez existitu), orduan bere ondorioetan erreala izango dela. Gure kasuan, hauteskunde interpretazio zehatz bat gailentzen bada eta mezu hartzaileek edukia barneratu eta sinesten badute, orduan pertzepzioa (nahiz eta okerra izan) erreala izango da bere ondorioetan.

Baina zein izan daitezke ondorio erreal hauek? Zure hautesleriaren morala igotzea eta ‘autobetetzen den profeziara’ jolastea. Thomasen teoreman oinarrituta, Mertonek ‘autobetetzen den profezia’ garatu zuen. Honen arabera, hasiera batean, egoera baten definizio ‘faltsua’ da, zeinak jokabide berri bat sortzen baitu hasierako definizio faltsua ‘egiazko’ bihurtuz. Adibidez, osasuntsu dagoen banku bati buruzko egoera kaskarra bezala definitzen badugu, litekeena da bere bezeroak izutzea eta dirua bankutik ateratzea. Horrela, arazorik ez zuen bankuak diru funtsak galdu ahala gaizki egotera pasatuko da, profezia autobetez. Hori politikara ekarrita izan zen PP eta PSOE saiatu zirena egiten 2001eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. Gehiengo konstituzional (nazionalista espainola) zetorrela iragarri zuten behin eta berriro, egoera faltsu baten definizioak errealitatea eraldatuko zuenaren esperantzarekin. Helburu horrekin eskura zituzten inkesta, hedabide eta unibertsitateko irakasle guztiak erabili zituzten aurresate faltsua egiteko, baina, egia bada hautesleriaren parte batek modako joerekin bat egitea atsegin duela, oro har, hauteskunde soziologian zaila izaten da aldaketa handiak gertatzea gertakari larririk gertatu ez bada. Nortasun politikoaz ari gara eta ez da ohikoena hau aldatzea gutxiengoan gelditu daitekeelako. Orduko Jaime Mayor Orejak eta Nicolas Redondo Terrerosek hauteskundeak irabazi nahi baldin bazituzten, hobe zuten euskal hautesleriaren diagnostiko on batekin lan egitea, autobetetzen den profeziarekin jolastea baino.

Hamar urte beranduago, bi aukera politiko abertzale nagusiek arrisku berbera dute, baina bereziki Amaiurrek. Izan ere, Eusko Alderdi Jeltzalean hausnarketa publikoak ari dira bideratzen arduratuak daudelako bi zutabe abertzaleen arteko borroka itxiarekin. Ezker Abertzale anitzean aldiz, publikoki ez da horrelako seinalerik sumatzen eta, atera dituzten zazpi diputatuengatik, badirudi emaitzak onak bezala interpretatzen dituztela bere osotasunean. Neurri batean ulergarria da, hautesleen ilusioa mantendu nahi izatea zilegi da, baina batzuetan iruditu zait instintiboki autobetetzen den profeziara jolastean ari direla. Gertu daude Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak (seguruenik datorren urteko urrian edo azaroan ospatuko dira) eta horregatik, lortutako emaitzak hauspotu eta interpretazioak behartu egin dituzte kasu batzuetan (GARA egunkaria irakurtzea baino ez dago horretarako). Amaiurrek arrazoi asko ditu ilusioa mantentzeko eta interpretazio positibo bat egiteko hauteskunde emaitzei dagokionean, baina badirudi bere ingurukoen artean ahaztu egin dutela diagnostiko on batek, eta ez autoengainuak, lagunduko duela bere emaitzak hobetzen eta proiektu politikoa zabaltzen.

--
Hurrengo sarrera: Hego Euskal Herriko emaitzei begiratu azkar eta erraz bat emango diet, bide batez eman diren zenbait informazio interesatu desmuntatuz.

4 comments:

  1. Interesgarria benetan, ikustear dago nolako eboluzioa ematen den bi aukera politiko abertzaleen artean. EAJ-k botoetan nagusitu da baina hau PSE-k jasotako zigorrarekin erlazioa badauka, zeren normalean hauekin boto kopuru handiagoa galtzen du, bestalde, Amaiur, Aralarrekin joanda ere, ezin izan da nagusitu Euskal Herrian, jakinda bere auteslariak fidelak direla, posiblea da Bildu-ko hautezle kopuru fina Espainako parlamentuko autezkunde hauetan EAJ botatzea..
    Berdintasun handiko eskenatokia izango dugu datorren urtean EAEn, interesgarria eta polita izango da lehia.

    ReplyDelete
  2. Kaixo, eskerrik asko iruzkinagatik. Bai, egia da gauzak oso interesgarri daudela ikuspegi lehiakor batetik. Dena den, epe motzeko egoeran gelditu ezkero, nik uste dut bi gauza azpimarratu daitezkeela: Amaiurrek bototan ez du izan pentsa zitekeen hainako emaitza ona (Aralarrek aportatutakoa seguruenik ez da izan asko) eta EAJk oso ondo aguantatu du, are gehiago emaitza onak izan ditu, nahiz eta lurralde ikuspegitik desorekatuak izan. Ondo izan!

    ReplyDelete
  3. Aupa, Asier:

    Esan behar dut oso deskubrimendu ona izan dela zure bloga; tertulietatik eta Parte Hartuz-en egindako lanetatik ezagutzen zintudan eta pozik hartu dut.

    Esaten duzunean Amaiurren botoak ez direla hainbesterako izan eta Aralarren ekarpena ez dela handia izan, iruditzen zait errazkerian erortzen zarela. Noski, udal hauteskundeekin alderatzen badugu (Bildu+Aralar), ez du eman; baina:
    -Bi hauteskundeak ezin direla alderatu;
    -Boto espainiarra errazago mobilizatzen da;
    -Nor daki, agian Bilduk galdu ditu udal hauteskundeetan irabazitako batzuk (EAtik zetozenak EAJ bozkatu dute, IAOko hainbat ez da bozkatzera joan...)
    Esan nahi dudana da, arrazoiak gehiago izan daitezkeela eta kontatzen duzuna baina konplexuagoa dela.

    Emaitzak emaitza (Oso onak izan direnak, baina Bilduko arrakastarekin sorpresa efektua txikiagoa zen eta espektatibak altuak) bidea da inportanteena, ezkerreko alternatiba erreala eraikitzea.

    Izan ondo

    Josu

    ReplyDelete
  4. Kaixo Josu,

    eskerrik asko iruzkinagatik. Funtsean ados nago aipatzen dituzunekin. Horrela da, sinplifikazio azkar bat, baina iruzkin bat besterik ez delako. Zaila da eztabaidatzea zenbaterainoko arrakasta suposatu duten Amaiurren emaitzak, noski faktore asko daudelako tartean eta, hain zuzen ere, arrakastaren tamainaz ari garelako. Hor dago lehenengo puntu konpartitua ia guztion artean, ARRAKASTA. Beraz, hitzak erabiltzen ditugunean 'intentsitatea' neurtzeko, halabeharrez subjektiboak dira (boto zenbaketak ez bezala). Pertzepzioetaz ari gara eta hori oso zaila da zehazten. Dena den, uste dut aipatzen dituzunen artean Aralarrenak duda gutxi daukala. Frogarik garbiena Nafarroako kasua da, baina ez hori bakarrik, seguruenik zu, ni eta irakurle askok ezagutuko ditugu Aralarren boto-emaile eta militanteak botorik eman ez dutenak... Beste faktore garrantzitsu bat da, eta ezin dena ukatu, ETAren erabakia da. Momentu hori ez da errepikatuko. Hipotesi sinesgarri bat da dagoeneko euskal hautesleriak deskontatuta zuela... Baina tira, guzti horri buruz aurrerago idatziko dut zenbakiak esku artean ditudala eta azterketa sakonago bat eginaz.
    Ondo izan!

    ReplyDelete